XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jarraitzaile dexente bildu zituen Krutwigek bere inguruan.

1950ean Urkijotarr Jul Elkhargoa sortu zuen Bilbon, bertako partaideak, denak, edo gehienak behintzat bai, bizkaitarrak zirelarik: L. Akesolo, Arrutza, I. Berriatua, E. Erkiaga, B. Garro Otxolua, J. Gorostiaga, L. Villasante....

Ondorengo urteetan oso ezagun izatera iritsiko zen idazle banaka batek ere J. Mirandek edo G. Arestik adibidez lapurtetaranzko isuria agertuko zuen.

Urteak iragan ahala, ostera, indar hori ahulduz eta iraungiz joango zen.

Bada honetan, alabaina, nahitaez egin beharreko zehaztasun bat: eredua bera lapurtera klasikoa da bertan behera utziko dena, baina Krutwigen asmo eta helburuek bizi-bizirik iraungo dute eta gerokoengan ere, gainera, bete-beteko eragina izango.

Hiru dira, gure eritziz, euskararen batasunari begira Krutwigek ekarri dituen berrikuntzarik aipagarrienak: a) literatur tradizioari ematen dion lehentasun eta nagusitasuna, b) euskara kultur hizkuntza bilakatzearren egiten duen ahalegina eta c) hizkuntz eredu hori Euskal Herri osora Hego zein Iparraldera hedatzeko daukan kontzientzia garbia.

Guzti honekin, ondorengo lerroetan erakusten saiatuko garenez, eten nabarmena gertatuko da euskararen historiaren harian.

XIX. mende hondarretan hasita eta badute honetan zerikusirik orduan garatzen diren jarrera ultragarbizaleek arbuiagarritzat jo izan da Hegoaldean batez ere euskal literatura zaharra.

Erdal ereduekiko omen daukan larregizko menpekotasuna hala hiztegian nola joskeran da egotziko dioten gaitza.

Krutwigek, aitzitik, tradizio hori berreskuratzeko ardura bizia agertuko du eta kezka hori bere ingurukoengan ere txertatzen ahaleginduko.

Aspaldiko idazleen lanak (berr)argitaratzeari eta aztertzeari ekingo zaio eta lehia horretan inor gailendu baldin bada, hori, inolako ezpairik gabe, Koldo Mitxelena izan dugu.

Lekuko zaharrak eta ez bakarrik Lapurdikoak ezagutzera ematearekin batera (bizkaierazko Viva Jesus eta Betolaçaren kristau-ikasbidea edota Hegoaldeko euskalkiaren altxor aberatsa, Landuchioren hiztegia alegia), lekuko horiek ikertu ere egingo ditu (Fonética Histórica Vasca, Testos arcaicos vascos eta han-hemenka argitaratutako artikulu ugarietan).

Mitxelena ere ondo jabetuko zen historian zenbat eta gorago jo orduan eta batuago zeudela euskalkiak.

Iragan hori aintzakotzat hartzeak zirudien, bada, euskalkietan barrena azkenorduan sortutako txokokeriak zapuzteko eta baztertzeko bide bakarra eta, beraz, batasuna eskuratzeko giltza.

Euskara kultur hizkuntza bihurtzearena da Krutwigen beste helburuetako bat eta, honetan ere, ezin eten nabarmenagoa egingo zuen ordura arteko tradizioarekin.

Kezka honi, gainera, askok uste izan dezakeena baino inportanteagoa deritzogu, guk geuk behintzat honetantxe ikusi uste bait dugu, hain zuzen ere, makinatxo bat euskaldunek batasunari egin dioten ukoaren gakoa.